martes, 20 de octubre de 2009

BULARREKO MINBIZIA

"The Lancet" medikuntza aldizkariak polemika bizia eragin du mundu zabalean, Suedia, Eskozia, Kanada eta Estatu Batuetan bularreko minbizia antzemateko programen oinarri gisa erabiltzen diren txostenak aztertu dituzten bi aditu daniarren ikerketa argitaratzean

Ikerketa horretan zientzilari daniarrek ateratzen duten ondorioaren arabera, errutinazko mamografiak egiteak ez du hainbeste gutxitzen bularreko minbiziagatiko hilkortasuna. Bularreko minbizia garaiz antzemateko 50 urtetik gorako milioika emakumeri (hainbat hamarkadatan zehar gizartean sentsibilizazioko lan handia egin ondoren) aldian behin errutinaz egiten zaion proba horrek balio eskasa du ikerlari daniarren iritziz. Biztanleentzat hain delikatua den gai batean horrelako baieztapen borobilak egiteak emakumeen artean kezka eta zalantzak eragiteaz gain, polemika bizia sortu du bularreko minbizia antzeman eta tratatzeko lanean diharduten zientzialari eta medikuen artean.

Horietako gehiengo handi bat, gaitza antzemateko programetako arduradunak besteak beste, ez datoz bat ikerketa horren emaitzekin eta programa hauei esker azken hamar urteotan bularreko minbiziagatiko hilkortasuna gutxitu egin dela diote. Azterketa horiei esker milaka emakumek mamografia egiten du urtero, gaitz beldurgarria hainbat lasterren antzeman ahal izateko. Ikerketa horrek zalantzaren itzal kaltegarria hedatu du osasun arloko agintariek eta hainbat erakundek -emakume taldeek bereziki- komunikazio kanpaina garestien bidez kostata ezarri duten prebentziozko jarduera horren inguruan. Ikerketaren emaitzek, logikoa denez, gai horren inguruan aurrez egin diren ikerketak berrikustea eragingo dute; ikerketa horietan oinarritzen ziren osasun arloko agintariak emakumeak proba egitera gonbidatzeko.

Izan ere, mamografia milioika emakumeri egiten zaie herrialde garatuetan, horrek dakarren kostuarekin. Gainera, ezin ahaztu probak berak emakumeei eragiten dizkien eragozpenak, eragozpen fisikoak izan ez arren; minik gabea eta arazorik gabea baita, zenbaiti sortzen dion kezkaz aparte. Mamografia egiteak zentro espezializatuetara joatea eta gestio txiki batzuk egitea eskatzen dio, normala denez, emakumeari eta baita nolabaiteko kezka sortu ere; baina eragozpenak hutsaren hurrengoak dira, proba gaixotasunaren tratamenduan eraginkorra baldin bada.

No hay comentarios:

Publicar un comentario