martes, 13 de octubre de 2009

ALZHEIMER



Alzheimer-en gaixotasunaren prebentzioan laster batean urrats garrantzitsuak egin daitezke. Izan ere, Estatu Batuetako Elan Corporation enpresa
farmazeutikoaren laborategietan saguekin egindako saiakeretan, Alzheimerrenaren aurkako txertoak arrakasta izan du. Hala eta guztiz ere,
horrek ez du esan nahi gizakiekin probatzean gauza bera gertatuko denik,
baina itxaropenerako zirrikitua behintzat ireki da. "Gaitza ez du sendatuko —adierazi zuen Alzheimer Elkarteko Bill Thies-ek— baina behintzat
prebentzioan eragina izan dezake".
Alzheimerrena duten gaixoen burmuineko azala -adimenaren funtzioaren iturri nagusia- endekatu eta uzkutu egiten da eta burmuinaren erdian hutsuneak sortzen dira.

Alzheimer-en gaixotasuna adineko jendearen artean dementziazko gaitzik hedatuena da, dementzia guztien erdiak inguru Alzheimerrena izaten baitira. Uste denez, gaur egun munduan 22 milioi pertsonak Alzheimerrena dute eta —epe laburrean sendabiderik aurkitzen ez bada– 30 urtetan kopurua bikoiztu egin daiteke. Egiten ari diren ikerketa guztien arabera, munduan 65 urtetik gorakoetatik % 10ek Alzheimer-en gaixotasuna garatzen dute, eta 85 urtetik gorakoen % 47k. Euskal Herria ez da salbuespena, Alzheimer-en gaixotasunak ez duenez herrialdeen edo arrazen arteko diferentziarik egiten, hemen ere munduko batez besteko kopuruak errepikatzen direlako. Euskal Herrian Alzheimer-en gaixotasuna duten 35.000 pertsona inguru daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario