martes, 27 de octubre de 2009

BIHOTZEKO GAIXOTASUNAK


Bihotzeko gaixotasun zehatzen agerpenean gehienetan egoera fisikoak eta zenbait ohiturak (mugimendu gutxi, tabakoa, alkohola, dieta desegokia...) zerikusi handia dute, aspektu psikologikoei eta izaera ezaugarriei lotuta doazelarik.

Gaixotasun hauek dira Espainiako Estatuan izandako heriotza gehienen arrazoia, sarritan miokardioko infartuak eragiten baitituzte, eta batzuetan garuneko infartuak eta isuriak ere gerta daitezke. Patologia horiek emakumezkoei baino lau aldiz gehiago eragiten diete gizonezkoei.

Estresak, tabakoak, gizentasunak, hipertentsioak, kolesterolak eta alkoholak (neurri handian edanda) bihotzekoa jasateko aukerak areagotzen ditu. Badaude zenbait faktore psikosozial, bihotzekoa izateko arriskua handitzen dutenak.

Bost milioi pertsonek hipertentsioa sufritzen dute Estatu espaniarran, erdiek bakarrik dakiten arren. Ez da gaixotasuna, baina bihotzeko, garuneko eta giltzurruneko gaixotasunak izateko aukera areagotzen du. Odol-presio normala baino altuagoa izatea da eta horrek bihotzak eta zirkulazio-sistemak ahalegin handiagoa egitea ekartzen du.

50 urtetik beherako gizonen artean izaten da batez ere, adin horretatik gora bi sexuetan duen eragina berdintzen baita. Bere agerpenean herentziak eta ohitura kaltegarriek eragiten dute (elikadura desegokia, gatz gehiegi hartzea, alkohola neurri handian edatea, tabakoa). Hala ere, espezialistek pertsona estresatu, zalantzati edo mehatxatutako pertsonetan maizago gertatzen dela adierazi dute.

martes, 20 de octubre de 2009

BULARREKO MINBIZIA

"The Lancet" medikuntza aldizkariak polemika bizia eragin du mundu zabalean, Suedia, Eskozia, Kanada eta Estatu Batuetan bularreko minbizia antzemateko programen oinarri gisa erabiltzen diren txostenak aztertu dituzten bi aditu daniarren ikerketa argitaratzean

Ikerketa horretan zientzilari daniarrek ateratzen duten ondorioaren arabera, errutinazko mamografiak egiteak ez du hainbeste gutxitzen bularreko minbiziagatiko hilkortasuna. Bularreko minbizia garaiz antzemateko 50 urtetik gorako milioika emakumeri (hainbat hamarkadatan zehar gizartean sentsibilizazioko lan handia egin ondoren) aldian behin errutinaz egiten zaion proba horrek balio eskasa du ikerlari daniarren iritziz. Biztanleentzat hain delikatua den gai batean horrelako baieztapen borobilak egiteak emakumeen artean kezka eta zalantzak eragiteaz gain, polemika bizia sortu du bularreko minbizia antzeman eta tratatzeko lanean diharduten zientzialari eta medikuen artean.

Horietako gehiengo handi bat, gaitza antzemateko programetako arduradunak besteak beste, ez datoz bat ikerketa horren emaitzekin eta programa hauei esker azken hamar urteotan bularreko minbiziagatiko hilkortasuna gutxitu egin dela diote. Azterketa horiei esker milaka emakumek mamografia egiten du urtero, gaitz beldurgarria hainbat lasterren antzeman ahal izateko. Ikerketa horrek zalantzaren itzal kaltegarria hedatu du osasun arloko agintariek eta hainbat erakundek -emakume taldeek bereziki- komunikazio kanpaina garestien bidez kostata ezarri duten prebentziozko jarduera horren inguruan. Ikerketaren emaitzek, logikoa denez, gai horren inguruan aurrez egin diren ikerketak berrikustea eragingo dute; ikerketa horietan oinarritzen ziren osasun arloko agintariak emakumeak proba egitera gonbidatzeko.

Izan ere, mamografia milioika emakumeri egiten zaie herrialde garatuetan, horrek dakarren kostuarekin. Gainera, ezin ahaztu probak berak emakumeei eragiten dizkien eragozpenak, eragozpen fisikoak izan ez arren; minik gabea eta arazorik gabea baita, zenbaiti sortzen dion kezkaz aparte. Mamografia egiteak zentro espezializatuetara joatea eta gestio txiki batzuk egitea eskatzen dio, normala denez, emakumeari eta baita nolabaiteko kezka sortu ere; baina eragozpenak hutsaren hurrengoak dira, proba gaixotasunaren tratamenduan eraginkorra baldin bada.

martes, 13 de octubre de 2009

ALZHEIMER



Alzheimer-en gaixotasunaren prebentzioan laster batean urrats garrantzitsuak egin daitezke. Izan ere, Estatu Batuetako Elan Corporation enpresa
farmazeutikoaren laborategietan saguekin egindako saiakeretan, Alzheimerrenaren aurkako txertoak arrakasta izan du. Hala eta guztiz ere,
horrek ez du esan nahi gizakiekin probatzean gauza bera gertatuko denik,
baina itxaropenerako zirrikitua behintzat ireki da. "Gaitza ez du sendatuko —adierazi zuen Alzheimer Elkarteko Bill Thies-ek— baina behintzat
prebentzioan eragina izan dezake".
Alzheimerrena duten gaixoen burmuineko azala -adimenaren funtzioaren iturri nagusia- endekatu eta uzkutu egiten da eta burmuinaren erdian hutsuneak sortzen dira.

Alzheimer-en gaixotasuna adineko jendearen artean dementziazko gaitzik hedatuena da, dementzia guztien erdiak inguru Alzheimerrena izaten baitira. Uste denez, gaur egun munduan 22 milioi pertsonak Alzheimerrena dute eta —epe laburrean sendabiderik aurkitzen ez bada– 30 urtetan kopurua bikoiztu egin daiteke. Egiten ari diren ikerketa guztien arabera, munduan 65 urtetik gorakoetatik % 10ek Alzheimer-en gaixotasuna garatzen dute, eta 85 urtetik gorakoen % 47k. Euskal Herria ez da salbuespena, Alzheimer-en gaixotasunak ez duenez herrialdeen edo arrazen arteko diferentziarik egiten, hemen ere munduko batez besteko kopuruak errepikatzen direlako. Euskal Herrian Alzheimer-en gaixotasuna duten 35.000 pertsona inguru daude.

martes, 6 de octubre de 2009

ZER DA GRIPE A?

Gizakien artean ohiko gripeen moduan transmititzen da, hau da, eztul edo doministiku eginez, adibidez. Birusa ez da txerrien okela janez transmititzen. Oraingoz ez dago kezkatzeko arrazoirik Estatuan.

Zer da A gripea?
A gripea (txerri gripe, gripe berri edo AH1N1 izenez ere ezaguna) arnasteko zailtasunak sortzen dituen gaixotasun zorrotza da eta A motako birusak sortzen du. Txerrien artean heriotza-tasa oso txikia da eta eraginak 7-10 egun irauten du. Gaur egun birusaren hiru mota daude txerrietan: H1N1, H1N2 eta H3N2.
Nola transmititzen da gizakietara?
Txerritik gizakira animaliekin kontaktu zuzena izaten transmititzen da, baina gizakien artean ohiko gripeen modura. Hau da, pertsona batek doministiku edo eztul egiten duenean, batik bat. Batzuetan, birusa duen zerbait ukitu eta gero eskuarekin ahoa edo sudurra ukituz ere gerta daiteke.
Nolanahi ere, birusa ez da transmititzen txerrien okela janez.
Zeintzuk dira sintomak?
A gripearen sintomak gripe normalenen antzekoak dira: Sukarra, eztula, ondoeza,... Batzuetan gose falta eta sabelekoa ere.
Nola atzematen da A gripea gizakietan?
Birusa atzemateko lagin bat hartu behar da arnas aparatuan gaixotasunaren lehen 4 edo 5 egunetan. Ondoren, Espainiako Mikrobiologia Zentroan aztertzen dute.
Ohiko gripearen aurkako txertoak babesa ematen du gripe berriaren aurrean?
Ohiko gripearen aurkako txertoak birusaren hiru motaren aurrean ematen du babesa: A (H3N2), A (H1N1) eta B birusen aurrean, hain zuzen ere. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) baieztatu du ohiko txertoak ez duela babesa ematen gripe berriaren aurrean, eta txerto berria kalean egoteko urte erdi beharko dutela.
Ba al dago gaixotasunari aurre egiteko sendagairik?
Gizakien gripe berria tratatzeko ohiko gripearen aurka erabiltzen diren sendagai berdinak erabiltzen dira, oseltamivir eta zanamivir antibiralak, kasu. Hori bai, medikuak aginduta baino ez.
Lasai egon gaitezke?
Espainiako Gobernuak lasaitasuna zabaldu nahi izan du, prebentzio neurri guztiak abian baitaude. Ez dagoela kezkatzeko arrazoirik nabarmendu nahi izan du.